top of page
SORGAILUAK
PILAK
Korronte elektrikoaren hiru sortzaile mota nagusi daude: PILAK, BATERIAK eta DINAMOAK. Ikasturte honetan, pilei buruz ikasiko dugu, batez ere.
Pilak energia elektrikoaren iturri arinak eta seguruak dira. Arazo bakarra dute: ahitu egiten dira eta, bateriak ez bezala, ezin dira berriz kargatu. Oso erabilgarriak dira potentzia txikiko tresnetarako; esate baterako, esku-argi, CD- erreproduzigailu, argazki-kamera, irrati eta abarretarako.
HARGAILUAK
LANPARAK
Lanparek eta bonbilek energia elektrikoa eraldatu, eta beste energia mota bat bihurtzen dute.
Bonbilek argi bihurtzen dute jasotzen duten korronte elektrikoa.Baina ez dira oso eraginkorrak: %15 edo 25 besterik ez da argi bihurtzen; gainerakoa desagertu (galdu) egiten da, bero eran.
Arretaz erreparatrzen badiogu, argitzen den zatia eroale mehe-mehe bat dela ohartuko gara: harizpia da.
Eroalea estutzean, elektroiek maizago egiten dute talka harizpiaren atomoekin. Horren ondorioz, harizpia izugarri berotzen da: 3000ºC baino gehiago hartzen ditu.Tenperatura horretan, urtu egiten dira metalik gehienak. Horregatik erabiltzen da tungstenoa, 3200ºC-ko urtze-puntua baitu.
MOTORRAK
Motorrek energia elektrikoa mugimendu bihurtzen dute; energia zinetiko bihurtzen dute.
Makina bat tresnatan erabiltzen dira: ikuzgailu, irabiagailu, zulatzeko makina, haizagailua eta abarretan.
Motor bat irekitzean, haril bat duela ikus daiteke: hari eroale mehe bat du, hainbat itzuliatan biribilkatuta, bai eta zenbait iman ere.
Funtsean, honelaxe funtzionatzen du motor batek: harilean zehar elektrizitatea igarotzean, harilak iman gisa jokatzen du: iman finkoak erakarri, eta birarazi egiten du.
BABES- ELEMENTUAK
FUSIBLEAK
Babes-elementuek tresnak babesten dituzte, ustekabeko tentsio-igoerak daudenean.
Funtzionatzeko oso modu bakuna dute; adibidez, babestu nahi dugun tresnak ez badu jasaten 0,5 A baino intentsitate handiagoa, intentsitate horretan urtzen den fusible bat tartekatuko dugu zirkuituan. Uneren batean, intentsitatea balio hori baino handiagoa bada, urtzeko adina berotzen da fusiblea, eta urtzean , eten egiten du korronte elektrikoa. Beraz, fusiblea urtu egiten da eta, horrela, babestu egiten du tresna. Fusiblea aldatu besterik ez dugu egin behar.
MANIOBRA-ELEMENTUAK
ETENGAILUAK
Zirkuitua irekitzeko eta ixteko balio dute.
SAKAGAILUAK
Elementu horiek sakatuta, zirkuitua itxi, eta funtzionamenduan jartzen da. Malguki bat edo elementu elastikoren bat izaten dute, eta elementu hori askatzean, deskonektatu egiten da zirkuitua.
KONMUTADOREAK
Batzuetan, oso erabilgarriak gertatzen zaizkigu, zirkuitu bat ireki eta beste bat ixten baitute, aldi berean. Metalezko xaflak A puntua ukitzean, bonbila itzali, eta motorra martxan jartzen da. B-ra biratzean, berriz, motorra geratu, eta argia pizten da.




bottom of page